Nire lehen Ironman erdia (Gazteizko HALFa)

Nire lehen Ironman erdia (Gazteizko HALFa)

Category : Orokorra

Hemen duzue Manolo Gonzalezek Gasteizen burutu duen bere lehen IRONMAN erdiaren kronika. Eskerrik asko eta zorionak Manolo!

Orain dela 4 urte hasi nintzen triatloi probetan parte hartzen. Lehen urtean bat bakarrik egin nuen, sprint luzerakoa (750 m uger, 20 km bizikletan eta 5 km lasterrean). Iaz berriz, olinpiar luzeerako lehendabizikoa (1500 m uger, 40 km bizikletan eta 10 km lasterrean).

Hasi nintzenean, oso zaila ikusten nuen “half” bezala ezagutzen den Ironman erdi bat egitea (1900 m uger, 90 km bizikletan eta 21 km lasterrean). Egia esateko, burutik pasatu ere ez. Nahikoa nuen sprint eta olinpiar distantziakoak amaitzearekin.

Iaz erabaki nuen “half” distantziara salto egitea, eta berau prestatzen urte osoa eman dut. Domekan Gasteizen bizitakoa kontatuko dut apur bat;  nire esperientzia.

Goizeko 6tan txaparrada ederra bota zuen. Ez zen txarra, bizikletan fresko ibiliko baikinan. 6:30tarako hasi zen jendea bertaratzen, bazirudien Formula 1.ko deialdi bat, jende andana zetorren Landara;  2600 kirolari inguru.

Uraren tenperatura ona: 21.5 gradu. 8:30tan abiatu zen proba eta txiri-txiri hasi nintzen ugerrean: buia bat, bi, hiru, lau… bira, beste bi, eta berriro buelta. Azkenengo 300 metrotan nengoela, bikietan arazoren bat sumatu nuen; iaz Bilbon bizi izan nuen horrelako bat eta erretiratu beharraren mamua etorri zitzaidan. Hanka ondo luzatu eta berriz ere aurrera egin nuen lasai-lasai. Ezin nuen proba bertan behera utzi, batez ere urte osoan lagundu eta animatzen izan ditudan hainbat lagunengatik.

Uretatik irtetea lortuta, bizkarra barrita, gel, platano eta pernil bokata txikiz betetzeari ekin nion. Bazirudien mendira nindoala! baina gomendioa argia zen: maiz-maiz jan eta eta edan behar nuen. Hasieran oso ondo, topera nindoan eta Agurainera heldu arte gustora. Agurainen
Gazteizerako norabidea hartuta, haizeak kontra jotzen zuen; patxadaz hartu eta Landara heldu nintzen jendearen animo artean. Bigarren bueltan, Maturanako aldapa kenduta, dena izan zen laua. Hankak zaindu beharrean nintzen, gero lasterrean maratoi erdia egin beharra zegoen eta.

Gasteizera heldu, bizikleta utzi eta lasterrean hasi zen zoramena: kaleetan ezker, eskuin, gora eta behera. Zirkuituan jendea animoak ematen, hunkigarria benetan. Bero egiten zuen eta lau hornidura guneetan edateko ura eta beste hainbat edari zeuden. Eskertzekoa 27 gradu inguru zeudenean, ibilbide gehiena keizpetan egotea. Lehenengo bueltan nahiko erritmo dezentea eramaten nuen baina bigarrenean asko jaitsi nuen; helburua garbia zen: proba amaitzea lortutako denborari jaramonik egin gabe.

Helmugara heldu nintzen… arkora hurbildu, eskuak altxatu eta gozatu. Helburua beteta… lehendabiziko halfa eginda… Sinestu ezinik!

Lagun batek esaten duen bezala, dena da erritmoa, burua eta sentzazioak; Bakoitzak bere kontra egiten du eta une oro indarrak neurtu behar dira. 6 ordu eta 40 minututan amaitu nuen. Ez da kriston marka, badakit.  6 ordutan amaitzea pentsatzen nuen, baina nire marka da. Lehendabizikoa.

Ironmanean parte hartu duten taldekideak zoriondu nahi nituzke: Gorka Garitaonandia , Iñigo Iraurgi eta Aitor Olivares Ironman osoa egiteagatik eta Anton Sagarminaga, Mikel Miguel, Gaizka Uriarte eta Luis Mari Bereziartu Ironamn erdia egitagatik. Hauek bai txapeldunak!

Izena eman eta lesioagatik parte hartzerik izan ez dutenei edo dortsal gabe geratu zirenei, animo! ziur nago datorren urtean bertan egongo zaretela eta kriston lasterketa egingo duzuela.  Familiari eskerrak emon, urte osoko prestaketa da eta familiak ere prestaketa horretan parte hartzen duelako, modu desberdinean, baina hor dauz.

Lagun guztiei, animatu dutenei, futbolariei, Laneko mendi taldekoei, Maider eta iñigori eta Mugarra talde guztiari eskerrak. Piszinan gomendioak eman dizkidanari eta Grupetari ere eskerrak, urte osoan egon baitira domekero bizikletan nitaz tiretan eta eurei esker amaitu izan dut nire lehendabiziko “half”-a.

Oso harro sentitzen naiz amaitu dudalako, baina askoz gehiago Mugarra taldeko kidea izateagatik. Mugarra Taldean dagoen jende  (“Kapital Humano” esaten dana) modukorik ez dot inoiz ikusi; asko lagundu doztie eta lagun asko egin ditut. Guztiei mila-mila esker benetan.

Hurrrengo erronka… ¿Ironmana? Agian bi urte barru, urte batean prestatzeko kapaz ez naiz ikusten, baina bi urteko prestaketarekin agian… Orain momentua disfrutatu eta datorren urtean ahal badut, berriz ere Gasteizera.

Jarraituko du…


Artxiboa