Category Archives: Mugarra Triatloi Taldea

Mimizan 2017

Ekainaren lehen asteburu honetan Mugarrakideok hainbat lekutan izan gara lanean: Azkoitia, Pasaia, Aritzaleku eta Mimizanen. Oraingo honetan, Mimizanen bere lehen triatloi olinpikoa egin duen Matxalen Munitxak egin digu kronika.

Matxalen Mimizanen. Argazkia: Susana Etxebarria

Pasadan asteburuan Mimizanen egon ginen mugarrako hainbat taldekide, lagunak eta familiartekoak bertako proba anitzetan parte hartzeko asmoarekin. Ostiralean atera ginen bazkal ostean eta gauerako guztiok triatloia antolatzen den kanpinean geunden bertan asteburua pasatzeko asmoz.

Lehen proba larunbata goizean izan zen, gure txikienek parte hartu zuten bertan. Euria eta tximisten ondorioz igeriketa kentzea erabaki zen eta beraz duatloia egin zuten, oso ondo moldatu ziren eta gainera taldekide batek 2.postua lortu zuen. Ondoren taldekako sprint distantzaiko proba zen eta mugarrako bi talde aritu ziren. Euripean baina gogotsu ekin zioten eta baita ederto amaitu ere. Eguna amaitzeko barbakoa eder bat prestatu ziguten taldeko batzuk, oilaskoa, saiheskia, txistorra… oso ona dena!

Hurrengo egunean goiz hasi ziren gaztetxoak decouverte distantziarekin eta baita erreleboak ere taldekide bakoitzak sprint distantziako disziplina bat burutu behar zuelarik. Bi probetan izan genituen Mugarrako partehatzaileak. Ondoren banakako sprint distantzia izan zen goiza bukatzeko. Eguerdian azken proba hasi zen, distantzia olinpikoa. Nire lehen aldia zen baina taldekideen animo eta laguntzarekin indartsu eta gustora burutu nuen proba. Beste taldekideek ere ezin hobeto aritu ziren, eta gure Jonek lehen postua lortu zuen veterano 1 kategorian, zorionak guztioi!

Amaitzeko triatloian abiatzen ari den edozeini gomendatuko nioke Mimizaneko asteburua, batez ere taldekako sprint-a (ni eta beste asko horrela hasi ginen), beste taldekide batzuekin batera proba egin ahal izateak segurtasuna ematen du eta oso giro polita sorten da. Animatu!

Hemen Mimizanen ateratako argazki sorta


IV. Mutrikuko Sprint Triatloia

Maiatzaren azken asteburuan ospatutako sprint luzeerako triatloia Mutrikun. Hiru mugarrakide bertan: Bereziartua aita-semeak eta Lide Azueta.

Txela, Mutrikun. Argazkia: Festak.com

Txelaren hitzetan, karrera oso polita izan omen zan, bizikletan Kalbaixorako igoera gogorra eta hirurak ere garaikurra eskutan etxeratu ziren: bakoitzari dagokion kategorian lehen postua eskuratuta eta Paul, sailkapen orokorrean bederatzigarrena.

Egunean zehar jasotako zenbait argazki hemen.


VII Bilboko Triatloia

Maiatzaren 20an ospatu zen aurten zazpigarren edizioa duen Bilboko Triatloia. Distantzia bi, olinpikoa eta “half” moduan ezagutzen den Ironman erdia. Denak ere, Bilboko Areatza inguruan burutu ziren; ugerrean Bilboko Itsasadarrean, transizioak Areatzako kaian eta lasterrean ere itsasadarraren bi aldetatik osatutako zirkuito batean.

Eta eguna nola joan zen kontatzeko, Half distantzian aritu zen Elena Asenjoren hitzak eskainiko dizkizuegu jarraian.

Bilboko triatloian parte hartu zuten hainbat Mugarrakide. Argazkia: Susana Etxebarria.

Bilboko triatloia gero eta indar gehiago hartzen ari da. Aurten inskripzio kopuruan ikusi da: 551 olinpikorako eta 631 Half (Ironman erdia) distantziarako. Mugarrako kideen artean aintzat hartzen den karrera bat dela uste dut; proba baino lehen, elkarri galdezka ibiltzen gara -zer? aurten Bilbora? oso ondo dago, asko gustatu zitzaidan, apunta zaitez…-. Aurtengoan hainbat Mugarrakide izan gara Bilboko Triatloian: 6 kide olinpikoan (Borja Gallastegui, Manolo Gonzalez, Josu Kortabarria, Jon Mateos, Antton Sagarminaga eta Javier Salinas) eta 9 distantzia erdian (Iñigo Iraurgi, Txema Chavez, Luis Bilbao, Pablo Erleaga, Aitor Olivares, Txomin, Mikel de Miguel, Iskandar Alberdi eta Elena Asenjo). Kuadrilla itzela! eta ezin ahaztu ere lagun ditugun Remen eta Oihana.

Lesioak direla eta, ilusioak zapuztuta etxean geratu behar izan dira batzuk. Beste batzuk (Manolo, Aitor Olivares, Pablo eta Iskandar), arrazoi ezberdinak medio ezin izan zuten proba amaitu. Lagun guzti hauentzat: animo!, datorren urtean ere Nerbioi ibaia hor egongo da, zuen zain!.

Elena igerian. Argazkia:festak.com

Karrerari dagokionez… -la ría” buah!!- sartu baino lehen betiko mamuak… zikina? usaina? kolorea? baina tira; erreparoak alde batean utzi eta aurrera. Epaileek aurretik esan (eta bete-betean asmatu bezala), ura oso hotza zegoen. Horrelakoetan, proba hasi baino 3-4 minutu lehenago astiro sartzen naiz eta arnasa ahal den eta geldoen hartzen saiatzen naiz, gorputza hotzera egokitu dadin.

Boxetan sartzen. Argazkia: Festak.com

Halako patean “piiiiiiiii” entzutean, probari hasiera eman eta abiatu naiz igerian. Oso lasai eta ondo sentitu nintzen, jendeak erreka gainetik ikusten zaitu, batzuk txaloka… denei mila esker!. Korrontea baliatuz, esku, ezpain eta hankak berotzen hasi direnen, neskak baino 5 minutu beranduago atera diren mutilak hasi zaizkit ezkerraldetik pasatzen… ikusgarria dakarten abiadura (esa es otra liga). Ni neurera.

Arineketan. Argazkia: Festak.com

Igerialdia amaituta, bizikleta hartu eta haize pittin bat izan bagenuen ere, ibilbidea eta egun zoragarriak izan genituen. Boxetatik irteeran oso urduri: kirolari mordoa boxetan pilatuta, mutilak jan egiten gaituzte. “El gallo” eta Biberoko igoera hasi baino lehen, ia kide guztiak ikusi nituen, benetan gustukoa dut kideak ikustea, uretatik irten direla jakitea eta bakoitza bere karrera egiten dabilela ikustea.

Eta bizikleta boxetan utzita… korrika!. Bilbon sortzen dan giroa oso atsegina da, ria bazterrera hurbiltzen diren lagun eta ezagun guztiak eskertu nahi nituzke bertan baina… ezin erritmoa erlaxatu; Irriabartxo bat eskaini eta aurrera egin behar. Aipagarria ere zirkuituari ematen zaizkion 3 bueltetan zenbat ikusle ezezagunek animatzen zaituzten.

Antolaketari dagokionez, bikaina. Bolondreski aritzen direnak zoriondu eta eskertu nahi nituzke, ordu asko ematen baitituzte gu zaintzen.

Karrera amaiera! Argazkia: Festak.com

Eta karrera amaituta… pozik!, jota eta pozarren. Maite dudanarekin ospatu eta hurrengo helburuari begira atseden gozoa hartu.

Egunean zehar jasotako zenbait argazki hemen.


IX Hondarribiako Sprint Triatloia

Maiatzaren 14an ospatu zen Hondarribiako IX Sprint Triatloia. Mugarra Triatloi Taldeko sei kide izan genituen bertan:

  • Aiala Garro, Eneko Letamendia eta Aitor Iraurgi kadete mailan
  • Lide Azueta Junion mailan
  • Ion Ander Mitxelena kategoria absolutoan
  • Juan Bediaga V2M mailan
Kadeteak Hondarriabiako IX Triatloiean. Argazkia: Emi Letamendia

Hemen egunean ateratako zenbait argazki


XXVI Eibarko Duatloia

Apirilaren 1ean ospatu zen sprint luzerako XXVI. Eibarko Duatloia. Honako Mugarrikide hauek izan genituen bertan:

  • Irea Gallastegui
  • Aitor Iraurgi
  • Eneko Letamendia
  • Unai Villagrasa
Irea. Eibarko XXVI Duatloia. Argazkia: Festak.com

Euria tarteka agertu zen proba honetan, Ireak kadete mailako 3. postua lortu zuen eta Eneko Letamendiak ere, gizonezkoetan, 3. postua lortu zuen.

Egunean ateratako zenbait argazki eskuragarri hemen


Artxiboa