Category Archives: Orokorra

Iskander Sagarminaga, Igerilaria

Iskanderri Euskadi Irratiko Hiri Gorrian programan egindako elkarrizketa 2018.06.18an (30’08” aurrera):

Iskanderrek Ibizako Ultraswim itsal-zeharkaldian parte hartu zuela jakitean, gune honetan argitaratzeko artikulu bat eskatu genion. Gure artean apenas da  itsas-zeharkaldi luze horietan ibiltzen den jenderik, eta kirol honen nondik-norakoak ere ez dira aski ezagunak.

Iskanderri eskerrik beroenak eskaini eta jarraian, hemen duzue gure artistaren idatzia:

Iskander Sagarminaga Ateaga naiz, 35 urteko Galdakoztarra. 2014ko azaroan hasi nintzen Mugarra Triatloi Taldean igerian eta gaur egun, ur irekietako probetan parte hartzen dut, distantzia luzeko probak ditudalarik gogokoen.

Maiatzaren 26an, Ibiza Ultraswim itsas-zeharkaldia burutu genuen Eider eta biok.

Eider kayakerra da; hainbat zeharkaldi eta km egin ditugu batera, igerian bata eta kayakean bestea eta oso ondo konpontzen gara.

Eider kayakean eta Iskander ugerrean

Aurten, itsas-zeharkaldi honen ibilbideak aldaketa izan du: Formenteratik Santa Eularia-rainoko joanetorria izan beharrean, Santa Eulariatik isla de Tagomagorakoa burutu izan behar dugu; 25.5km guztira (zuzen joanez gero). Froga hasieratik lehiakorra da eta igerilari bakoitzak bere kayakerra izan behar du: janaria eta edaria emateko eta igerilaria ikusgai eta kontrolatua egoteko. Normalean froga hauek itsaso irekian izaten dira eta itsasontziak igerilariaren kokapenaren berri ian behar dute igerilariaren segurtasuna bermatzeko.

Euskaldun kuadrilla ureratzeko prest

Distantzia luzeetako frogetan lasai joan behar zara eta buruak garrantzi handia du. Zeharkaldi guztian zehar gora-behera handiak egoten dira, bai norberaren baitan eta bai itsasoaren egoeran. Halan da be kontuan izan beharreko hainbat gauza daude: frogaren kokalekua, uraren tenperatura, distantzia, marmokak egoteko arriskua, neoprenoarekin egin ahal den edo ez, froga hasieratik den lehiakorra edo ez, hornikuntzak…

Ibizako froga hasieratik lehiakorra zen, itsasoa epel zegoen (19-20 gradu),  distantzia 25.5km, kayakerra eraman behar zen derrigor eta berau zen janaria eta edaria ematearen arduraduna, 3 kontrol puntu genituen eta neoprenoa erabili ahal zen.

Hau kontuan izanda, ditudan bi neoprenoetatik, finena aukeratu nuen: “Orca Alpha”, hankak nahiko libre uzten dizkit eta ez zaizkit hainbeste nekatzen, eta besoekin bardin. Ura epel dagoenez neopreno honekin bero gutxiago pasatzen dut eta ez naiz hainbeste deshidratatzen. Gainera, aste bete arinago egindako Soplaoko 10km-ko proban, sasoiko ikusi nintzen eta erritmo egokia topatu nuen neopreno honekin 25.5km-ak ondo amaitzeko; flotabilidade gutxiago izan harren indarrak galtzen banituen erritmoa asko ez jeisteko. Bestalde, konturatu nintzen sorbaldetan erredurak egin zizkidala eta Ibizarako baselina bota beharko nuela.

Elikadura dela eta, Eider eta nik beste froga luzeetan erabilitako teknika jarraitu genuen: 30 minuturo gelditu eta zeozer hartu. Lehenengo geraldian ura gelarekin nahastua, gero ura gatz mineral eta karbohidratoekin eta azkenik, ura barrita erdiarekin edo platano erdiarekin. Ziklo hauek behin eta berriz errepikatu genituen helmugara heldu harte. Geldialdiak oso azkarrak izaten dira eta ezin da Kayak-a ukitu.

Ibizan, marmokak egoteko arrisku handia izaten da, marmokak uxatzeko, badaude 90 minutuko efektua duten eguzkitako kremak, zeozer egiten dute baina ez dira miragarriak. 90 minutu pasata, ez dute inongo babesik eskaintzen. Ibizako proban neoprenoa erabiltzearen beste arrazoietako bat, marmoken ziztadetatik salbu egotea izan zen, baita bizarra luze uztea ere… Azkenean, joan eta buelta,  ez genuen marmoka bat bera ere aurkitu.

Urradurak izaten dira beste arazo handienetako bat, horretarako badaude silikonazko lepoko batzuk eta horren azpian edo bakarrik lanolina erabiltzea da egokiena. Baselinak baino iraupen askoz handiagoa du eta zeharkaldi osoa irauten du. Neopreno gabeko zeharkaldietan lanolina baselinarekin nahastuta erabiltzen da hotz gutxiago izateko, urradurak ekiditzeko eta mormokengandik ere zeozer babesteko. Eguzkitako krema ere oso garrantzitsua eta iraupen luzekoa izan behar da.

Ibizako ultraswimean, parte hartzaile gutxi batzuk izan ginen. Froga hauetan kupua oso murriztua izaten da eta kurrikuluma aurkeztu behar izaten da bertan lekua lortzeko. Ibizan herrialde desberdinetako 20 igerilari elkartu ginen: Alemaniarrak, Austriarrak, Belgiarrak, Euskaldunak, Espainiarrak, Frantzesak, Italiarrak, Kataluniarrak eta Portugaldarrak. Itsasoa bare egon zen eta Santa Eulariatik irten ginen 8:00tan. Zeharkaldi hauetan bakoitzak bere ritmoa eramaten du eta ez da ohikoa batera joatea, igerilari bakoitza bere kayakerragaz ipini ginen eta belaontzi bateri jarraitzen genion erreferentzia modura. 4,5km-tara lehenengo kontrol puntua zegoen, bere denbora mugarekin, (zeharkaldia amaitzeko denbora muga 9 ordu dira). Hurrengo kontrol-puntua Tagomagoko irlan zegoen 12,75km-tara. Hara heldu baino lehenago zodiac batek esan zigun lasai egoteko, puntu horretan izurdeak zeudelako, baina igerilariak heldu ginenerako joanak ziren, kristolango iluzioagaz gindoazen Eider eta biok, izurdeak ikusiko genituelakoan… Buiari buelta eman eta egindako bidetik bueltatzea tokatu zitzaigun. Oraingoan olatuak alde genituen baina korrontea kontra, beraz belaontziak ibilbidea aldatu zuen eta distantzia luzeagoa egin genuen bueltako bidean. Azkenean 28km-tik gora egin ginituen batak arraunean eta besteak igerian;  7ordu eta 12 minutu guztira. Klasifikazio orokorrean 5. postuan iritsi ginen eta merezi izan zuen bezala ospatu genuen.

Egindako ibilbidea

Probaren irabazleak, Cesar Obregón (Torrelavega) eta Elena Lionello (Italia) izan ziren. Proban hainbat euskaldunek hartu genuen parte, horietatik Xabier Labaka bergararrak (Mikel Labaka kayakerrarekin batera) 3. postua lortu zuen Olivier Delfosse belgiarraren ondoren. Mikel Mangas eta Alex Epelde Zarauztar igerilari apartak ere bertan izan ziren. Errepikatzeko modukoa proba inondik inora!

Igerilari euskaldunak Ibizako Ultraswim proban

Aste bi barru froga berri bat burutuko dugu: Batalla de Rande (27km). Proba honen baldintzak ezberdinak dira: ura hotz dago, 13-14gradu inguru, neoprenoa erabili dezakegu, 12km-tik aurrera izango da lehiakorra eta lehenago taldean joan behar zara, ez dago norberaren kayakerra eramaterik (hala ere Eider kayaker moduan egongo da, taldea zaintzen) eta jatekoa eta edatekoa 4 km-ro dauden kontrol puntuetan jasoko dugu.

Proba honetarako neopreno lodiagoa erabiliko dut hotzagatik. Hasieran talde erritmoa jarraitu beharra dago eta geldiuneak luzeagoak izango dira, beraz, hotz geratzeko arrisku handiagoa izango dugu. Kasu honetan Orca 3.8 neoprenoa jantziko dut, flotabilidade handiagoa du eta postura egokia mantentzeak esfortzu gutxiago eskatzen du. Ez da neopreno fina bezain azkarra, baina distantzia luzeetarako aproposa da. Elikatzeko han ematen digutena hartu beharko dugu. Normalean proba baino lehen bertan emango diren gelak zeintzuk diren esaten digute eta aldez aurretik pobatzen ditugu mini egiten ez digutela zihurtatzeko.


Estatistika apur bat

Category : Orokorra

Durangoko XI. Duatloiaren bezperan gauden honetan, eta probarako izen emateak itxita daudela, izen emateen inguruan estatistika apur bat egin dugu.

Azken hiru urte hauetan izen emateak nolako bilakaera izan duen jakin nahi izan dugu; batetik, izen emateak zabaltzen direnetik isten diren bitartean, noiz ematen duen kirolariak izena, eta bestetik, genero ikuspegitik, izen emate kopuruaren  bilakaera.

Zenbakiak testuinguruan jartze aldera, nabarmentzekoak diren zenbait datu eskainiko ditugu:

  • 2016an, distantzia olinpikokoan jokatu zen duatloia eta azken urte bi hauetan, sprint distantzian.
  • Aurten ez bezala, iaz proba bi eman ziren asteburu berean (Ermua eta Durangon)
  • Aurten, Durangoko Duatloiaren aurreko asteburuan ez da Euskadiko Triatloi Federazioaren inongo probarik izan.
  • Inskripzioaren epea, proba ospatzen den astearen lehen egunean (astelehenean) ixten da.

Izen emate kopuruari dagokionez, hau izan da urtez-urteko bilakaera:

  • 2016 urtean: 186 inskripzio.
  • 2017 urtean: 139 inskripzio.
  • 2018 urtean: 228 inskripzio.

Inskripzioak nola egiten diren ikusteko, ondorengo grafikoa prestatu dugu, non X ardatzean izen-emate azken egunerako zenbat egun falta diren irudikatzen den:

Garbi ikusi daiteke, azken hiru urteetan ere, probaren inskripzio epeko azken egun bitan izen emateen %60a pilatzen dela. Kirolariak inskripzio epea agortzen du, dela eguraldia zein den jakiteko edo inskripzioa egin ondoren lesio bat izan eta probara ez joateko arriskua txikitzeko.

Proban izena ematen duten kirolarien generoari dagokionez, hau da bilakaera:


Urtero parte hartzen duen kirolari kopuruak gorabeherak baditu ere, emakumeen parte hartzeak gora egin du azken urte hauetan: 2016 urtean inskripzioen %5a zen emakumezkoa; %10 2017an eta %15 2018an.


2017. Duatloi eta triatloi zirkuituko sariak

Category : Orokorra

Euskadiko Triatloi Federazioak Irunen banatauko ditu otsailaren 11an 2017 urteko duatloi eta triatloi zirkuituko sariak.

Sariak, zirkuituan nabarmendu diren talde, norbanako eta Gasteizko distantzia luzeko triatloiaren irabazleei emango zaizkie.

Talde gisa, gure neskek bigaren saria lortu dute triatloiean, eta banaka ere hainbat sari jasoko ditugu:

Triatloian:

  • Kadete / emakumeak: Aiala Garrok bigarren postua.
  • Kadete / emakumeak: Irea Gallastegik hirugarren postua.
  • Kadete / gizonezkoak: Paul Bereziartuak lehen postua.
  • Kadete / gizonezkoak: Telmo Barrutiak hirugarren postua.
  • Junior / emakumeak: Lide Azuetak bigarren postua.

Duatloian:

  • Kadete / emakumeak: Irea Gallastegik bigarren postua.
  • Kadete / gizonezkoa: Paul Bereziartuak lehen postua.
  • Kadete / gizonezkoa: Gorka Pagonabarragak hirugarren postua.

Zorionak 2017 urtean batean eta bestean aritu zaretenoi, sariak lortu dituzuenoi eta saridun postuetatik urrun ibili arren, eginiko kilometro bakoitza gozatu eta sufritu duzuen guztioi!

2018.02.13 eguneraketa: Hemen Facebooken agertu diren zenbait argazki:

Mugarra team.

Posted by Javi Gallastegui on Sunday, February 11, 2018


Denbora-marken neurketa

Category : Orokorra

Ekainaren 20an burutu zen Durangon Euskadiko Triatloi Federazioak antolatu zuen denbora-marken neurketa. Espresioak, bere hortan ezer gutxi esaten du, eta gazteleraz ere “toma de tiempos” esanda, ezer gutxi ulertuko du kirol mundutik at dagoen edozeinek.

Kadete eta junior adinetan dauden gazteei zuzendutako proba da hau, 2018 urtean egonda, 2001-2003 urte tartean jaiotakoentzat (kadeteak) eta 1999-2000 urteetaan jaiotakoentzat (juniorrak). Kirolari bakoitzak lau saio burutzen ditu goiz eta arratsaldez; goizetik, igerian egindako distantzia bitan lortutako denborak jasotzen dira eta arratsaldez, lasterrean egindako beste saio biren emaitzak.

Eginiko froga bakoitzak puntuak ematen ditu neurtutako denboraren arabera (1etik 10era), eta horrela, lau saioak burututa, kirolariak puntuazio jakin bat lortuko du. Puntuak jasotzeko lortu beharreko markak ez dira nolanahikoak… ikusi bestela hurrengo taulan gizonezkoen kilometroko korrika saioari dagokion taula:

Gizonezkoa 1000 metroko KORRIKA baremazioa
Adina Kateg. 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10
19 JNM2 03:06 03:02 02:58 02:54 02:50 02:46 02:42 02:38 02:34 02:30
18 JNM1 03:10 03:06 03:02 02:58 02:54 02:50 02:46 02:42 02:38 02:34
17 CDM3 03:14 03:10 03:06 03:02 02:58 02:54 02:50 02:46 02:42 02:38
16 CDM2 03:18 03:14 03:10 03:06 03:02 02:58 02:54 02:50 02:46 02:42
15 CDM1 03:22 03:18 03:14 03:10 03:06 03:02 02:58 02:54 02:50 02:46
Iturria: FETRI

Eta hau guztia zertarako egiten da?

Printzipioz, hau da federazio batek lurralde jakin batean kirolari gazteek duten maila jakiteko moduetako bat. Beste lurralde batzuetan jasotzen diren neurketak ere publikoak direnez, erraza da batzuekin eta besteekin parekatzea eta norbera non dagoen jakieta. Informazio hau eskutan, federazioaren esku gelditzen da hobetu daitezkeen jardunak identifikatzea eta teknifikazio saioen bidez kirolarien mailan eragitea.

2018. denbora hartzean parte hartu duten gazteak. Argazkia: Uxue Letamendia.

Ez da kasualitatea denboren hartze hau Durangon ospatu izatea. Mugarra Triatloi Taldea izan zen Euskadiko Federazioa proba hauek egitera bultzatu zuena orain dela lau urte. Durangon antolatu dugun saiora Bizkaia, Araba eta Gipuzkoatik etorritako hainbat gazte urbildu dira. Gazte hauek dutena eman dute eta batzuk puntuak lortu dituzte (erdiak) eta beste batzuk ez. Beste lurralde batzuetan egiten den bezala, orain federazioaren esku dago gazte hauen lanari bultzada eman eta euren kirol garapenean laguntzea.


Durangoko Sansilvestre

Category : Orokorra

Urtea “ondo” amaitzeko Durangon ospatu zen Sansilvestre-an ateratako argazkia duzue hemen:

Durangoko Sansilvestre 2018
  • Lehen postuan: Irene Loizate
  • Bigarrena: June Arbeo
  • Hirugarrena: Jone Aizpurua.

Zorionak neskak!


Artxiboa