Durangoko X. Triatloi Txikia

Durangoko X. Triatloi Txikia

Category : Orokorra

Atzokoan, hainbat gaztetxo hurbildu ziren Landako II gunera Triatloi Txikiaren X. edizioan parte hartzera.

X. Triatloi Txikian parte hartu zuten neska-mutiko eta laguntzaileak. Argazkia: Javi Gallastegi

Aurtengo edizioak nobedade batzuk izan zituen; Batetik, azken urteetan ez bezala, eguraldia lagun izan genuen, eta bestetik, Tabiratik Landakora ekarri genuen proba. 41 gaztetxok eman zuten izena eta neska-mutikoen adinaren arabera, hiru talde osatu ziren. Guztiak ere Landako II.ko igerilekuan hasi ziren igerian. Bizikletak hartuta, Landako etorbideko bidegorrian aritu ziren eta amaitzeko, korrika saioa, Arripausueta atzealdetik erreka bazter ondoan dioan bidegorrian burutu zen.

Proba amaituta, freskatzeko edari eta indarberritzeko janariak eskaini zitzaizkien kirolari gazteei.

Hemen egunean ateratako hainbat argazki

Triatloia Maite Dut

Mugarra Triatloi Taldeak antolatzen duen Triatloi Txiki hau “Triatloia Maite Dut” ekimenaren barruan sartu dugu. Ekimenak,
gazteen artean triatloia sustatzea du helburu, eta baita aisialdian kirola euskaraz egiteko aukera eskaintzea ere. Triatloiaren bitartez laguntasuna, izaera aktibo eta positiboa, ohitura osasungarriak eta beste hainbat balio transmititu nahi ditugu.

Ekimenaren atzean, heziketan eta kirol jardueren antolaketan eskarmentu handia duen lantaldea dago: Nik Tri triatloi elkartea, Arazi, Kutxa Fundazioa eta Fitgüne. Laguntzaile gisa: Eusko Jaurlaritzaren euskara departamentua, Baserria KM0 eta Catalana Occidente aseguru etxea. Guztion nahia “Triatloia Maite Dut” lelopean antolatzen diren jarduera hauek ahalik eta gazte gehiengana heltzea da.


Artxiboa