Swim in Menorca / Marathon 25km 2016

Swim in Menorca / Marathon 25km 2016

Iskander Sagarminaga Menorcan izan genuen ekainaren 12an “Swim in Menorca Marathon 25km” proban. Amaitzea gutxi ez (sailkapena hemen) eta proban bizitakoen inguruko kronika idatzi digu.

Zorionak Iskander!

Ondoren bere kronika:

Pasadan igandean, ekainak 12, Swim In Menorca 25km-ko itsas-zeharkaldia ospatu zen, bertan hartu nuen parte eta distantzia berria izan zen niretzat. Aurretik egindako luzeena, Berasaluce taldekidearekin egindako Santurce-Bilbao (13,5km) izan zen.

Menorca-ko itsas zeharkaldi honetan neoprenoaren erabilera debekatua dago eta ezin da draftinik egin. Igerilari bakoitzak bere kayakerra du eta bera da janaria eta edaria igerilariari emateaz arduratzen dena. Nire kasuan kayakerra neskalaguna izan zen eta ordu erdiro gelditu ginen zeozer jan edo edateko.

Itsas-zeharkaldiak Son Bou-ko hondartzan dauka irteera eta Son Xoriguer-eko hondartzan amaiera. Bitartean hainbat kaletatik igeri egiten duzu; Cala Llucalari, Talis, Cala Tomas, Binigaus, Fustam, Escorxada, Trebaluge, Mitjana, Santa Galdana, Macarella, Cala Turqueta, EsTalaier, Son Saura, Sa Cova d’es Pardals. Area zuri-zuria, itsasoko ura ezin gardenagoa eta aipatutako hondartzak benetan ederrak dira.

32 igerilarik hartu genuen parte, gehienak oso esperiantzia handikoak eta igerilari bikainak. Besteak beste Tita Llorens (Ibiza-Mallorca 84,3km eta uztailerako Denia-Ibiza prestatzen ari da) Daniel Ponce (Irabazlea), Miquel Sunyer (Triple Corona), Javier Merida (Mancha-ko canala eta Manhattan-eko itzulia, Santa Catalina-ko kanalerako prestatzen), Xabier Elizegi (Manhattan-eko itzulia 2. amaitutakoa)…

Goizeko 8:10etan irten ginen Son Bou-ko hondartzatik, itsasoa bare-bare zegoen eta apur bat lainotuta zegoen eguna. Gogotsu nengoen, Mugarrako taldekideak esandakoa neukan buruan: 1+1 ez dira bi, irten lasai karrera luzea da eta. Beraz baretu beharra neukan.

Bozinak jo eta ekialderantz egin genuen igeri, ezkerraldean km 1etara zegoen buiaraino. Buiari buelta eman eta berriz atzera, eskuinaldera jo genuen, han zeuden kayaker guztiak, Eider keinuka ikusi nuen, elkar hurbildu eta Son Xoriguer-erako bideari ekin genion. Hasieratik beste 2 igerilariren erritmo berean joan ginen. Itsasoa bare-bare, haize barik eta korrontea kontra izan arren oso ondo egiten zen igeri eta erritmo erosoa generaman.

Denbora muga zegoen 2. Kontrol puntuan. 15km-tara zegoen, Macarella eta Macarelleta artean eta bertatik 5 ordu baino lehen pasatzen ez zena zeharkalditik kanpo geratu eta uretatik irten behar zen derrigor. Bertatik 4:10etan pasa ginen.

10km geratzen zitzaizkigula egoera guztiz aldatu zen. Itsasoa pikatu zen, olatuak alboz, eta haizeak aurrez jotzen zigun. Itsaso zaila igeri egiteko eta nekea somatzen hasi nitzen.

Km-ak igaroz zioazen eta gogorra izaten ari zen, nekatuta nengoen eta erritmoa moteltzen nijoan. Beste bi igerilariak inguruan zebiltzan eta posizioak mantedu genituen.

Faro de Artrutx ikusten nuen urrunean, oso gitxi falta zen, 2km inguru. Nekatuta nengoen eta beste bi igerilariak aurrerantz urrundu ziren. Bapatean arraia txiki bat ikusi eta grabatu genuen (edo hori uste genuen). Handik gutxira helmugako boia ikusi genuen. Bazegoen dena eginda, boiari buelta eman eta hondartzan zegoen helmugatik 7:49:16 denboran pase ginen, 16. postuan.

Haur batek domina jarri zidan, oso pozik nengoen eta segituan Eiderrekin ospatu eta beste taldekideekin gure gora-beherak elkarbanatzera joan ginen.

Sailkapenean Tita Llorens eta Daniel Ponce lehenengo, Natasha Morey eta Jose Ignacio Ravagna bigarren eta Miquel Sunyer hirugarren geratu ziren.

Denon ustetan zeharkaldi gogorra izan zen batez ere azken 10kmetan itsasoa aldatu zenean. Pozik geunden medusarik agertu ez zelako eta antolakuntzak (bikaina, jende jatorra eta hurbilekoa) ongi etorri aparta prestatu zigulako bertoko janari eta edariekin.

Plazer bat izan da irla eder hau eta bertoko jendea ezagutzea, esperientzia benetan polita.


Artxiboa